XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Historiari adi bagagozkio ere, jakin badakigu Bilbok beti euki duena euskaragazko lotura arteza.

Emon ditzadan datu batzu neure berbon adierazgarri.

XVII gizaldian, euskaraz egineko lehen gramatika entseiua, akatsak akats eta luze laburra albora utzita, bilbotar batek egina dugu; berau Rafael Micoleta-ren MODO BREVE DE APRENDER LA LENGUA BIZKAINA da, 1653.ekoa.

Campion jaunak, beronen gramatika famatuan, 1884. urtean euskararen hedaduraz berba egikeran zera dinosku:

En Bizcaya, la región de escasa densidad del euskera se limita á Baracaldo

Eta segituan, Bizkaiera egiten zen herriak emokeran gaur eguneko Bilboko honako hauek emoten dizkigu: Begoña, Abando, Basurtu, Olabeaga eta Deustu.

Belutxuago, Emiliano de Arriagak bere LEXICON BILBAINO argitaratu zuen; beronen helburua bilbotarren erdara jasotzea izanda ere, bertan argiro ikus daiteke erdara hori egiten zutenek euskaragazko kontaktua ezin galduta euki zezaketela.

Geroztik, Bilboko erdara galduz joan den arren, gaino apalagoan izanda, gurean gure amak egiten duen euskarakadez beteriko erdara bilbotarren artean bizi bizirik dago, egungo egunetan ere bai.

Nik neuk erdara berberoi ikasi diot amari, eta berori izan da eta da erdaraz berba egikeran erabiltzen dudana.

Dinodan, bide batez, neuk erdarazko orzuelo zer den, zenbaitek lotsagarri eritz baliezaio ere, euskal filologian ikasi nuela, gurean beti biritxindor esaten izan da eta.

Era berean, larri, txulapiko, ondakin, sarama eta abar luzea gure artean berba arruntak izan dira.

Bilboko erdara albora utzita, gizaldi honen haserako beste lekuko bat dugu Azkue handia, berau Deustu eta Begoñako euskaldunakaz ibili zen beharrean eta beronen obra handietan behar horien testigantzak topa daitezke.

Bestalde, badakigu, kasu baterako, Basurton egiten izan den ganadu azokan, edo Erriberako plazan, batez ere, Txorierriko bendejerek oraintsurarte euskara baino ez dutena egiten izan.

Zilegi izan bekit Bilboren euskaragazko loturak azpimarratzeko Larraskituko euskalduna den Petra Zuluagaren berbak hona ekartzea: